Xiberoko ikastolak
IKASTOLA, murgiltze sistema:
Hezkunde Nazionalarekin kontratüpean den eskola bat da, alkarte forman bizi dena. Eskolako ikasgeiak, eta haurraren konpetentziak eüskaraz garatzen dira, ebilbide osoan.4 ardatzak
Ikastola lau ardatzaren üngürüan antolatzen da : eüskarazko murgiltze sistema osoa, haurrari bürüzko pedagogia aktiboa, inklusio eta hanixtarzün handia ikasle oroer batzarri egiteko, eta alkarte bizitza dinamiko bat, non etxokoak oso inplikatüak diren. Ardatza horiei esker, haurraren loratzea lagüntzen düen giro süstagarria sortzen ahal da.
Ikastolan eüskaraz bizi gira : batzarri mementoetan, gelan, aire hartzeetan, bazkari denboran, elkaldietan…
Eüskaraz bizi beigira, hizkuntza hau bai gelakoa, bai kanpokoa da.
Murgiltze sistema azkar horri esker haurrak hizkuntzaz jabetzen dira, eta hiztun osoak garatzen.
Xede horren kausitzeko, komünitate osoa parte hartzaile da : familiak, talde pedagogikoa, haurrak, kanpoko eragileak… Parte hartze hori ezinbestekoa da, denak eüskaraz bizi gitean.
Frantses hizkuntza 7 urtetarik harat ikasten da ikastolan. Haurrak elebidün osoak dira. Ikerketen arabera beste hizkuntzen ikasteko gaitarzünak hobetzen dira.
Haurraren eskolako segipena : etxeko lanak mügatürik dira eta autonomian egiten ahal dira. Beharren arabera egokitzapenak proposatzen ahal dira haurrari, bere lagüntzeko, etxekoekin adostü ondoan. Etxekoak erdaldünak direlarik, erakaslearekin diren harremanak frantsesez egiten dira. Bilküretan, bai eta ere txosten idatzietan, ützülpenak badira.
Ikasleak aktibo dira, bai beraien ikaspenen prozesüan, baita ikastolako bizian ere. Hala nola Montessori gisako tailerrak Haur Hezkuntzan, proiektüer lotürik den pedagogia edo lan planoen bidez lan egitea proposatürik zaie gelan.
Ikasle bakotxaren ezbardintarzüna ere kontüan hartzen da : haurrak bere erritmoan ikasten dü eta beharrezkoak dütüan lagüntza eta egokitzapenak eskeinirik zaitzo.
Bortizkeriarik gabeko komünikazio metodoa erabilia da ere (emozioak, beharrak, behatzea, anpatia, berriz erraitea…).
Balio azkarrak : alkarbizitza, alkarzaintza, alkar errespetüa, kültüra amankomün baten eraikitzea.
Haurra ardüradün bilakatü :
- astean behin biltzarrak egiten dira (mintzatzeko, arrenküren aipatzeko eta elkibide baten txerkatzeko, eskolako biziari bürüzko proposamenen egiteko)
- egün oroztako eskolako akodinetan parte hartzea (adibidez : garbiketa eta xahaketa), gelan ardüren hartzea (kahieren banaketa, lilien hurtatzea. …).
Arlo hortan Seaska aitzindaria izanik, ikastoletan, lagüntza eta egokitzapen desberdinekin, behar bereziak dütüen haurrak errezebitzen dira.
Integrazio Batzordea, Ikastolako federazioaren barne den alkartea da, inklusioaren alde lan egiten dü, eta familiak lagüntzen dütü ürrats administratiboen egiten.
Familiek,beren inplikazio azkarrari esker, ikastolaren ebilmolde hona segürtatzen düe. Ekintzak antolatüz, etxekoek biltzen düen sosari esker, ikastolako langileen hilabete sariak pakatzen ahal dira edo material pedagogikoa erosten adibidez. Hezkunde Nazionalak dütü aldiz erakasleak pakatzen. Manera hortara, familiek hilabetean pakatü behar düen kotisazioa ttipitzen ahal da eta familier aisatzen dü haurren ikastolan ezartea.
Familia bakotxari doakio eskolako bizian inplikatzea, lan batzordeetan parte hartüz, bakotxaren ahalmen eta gaitarzünen arabera.
Kausitürik den esperientzia bat
Ipar Eüskal Herrian, 4200 haur dira eskolatürik direnak 38 ikastoletan. Eskola horik Seaska deitzen den federazioan jüntatürik dira. Imertsioa proposatzen den sail bakarra da, Haur Hezkuntzatik Baxoa arte.